Pakito Urondo

Pakito Urondo “Gazte gera gazte, ta ez gaude konforme”, zion Lourdes Iriondok kantatzen zuen abesti batek. Urte magiko batean izan zen, 1968an hain zuzen ere. Urte horretako belaunaldiak dena alde zuen. Aurrekoek, aldiz, kontra: isiltasuna, galtzaile usaina… Hegoaldetik zetorren kiratsa. 1968an, ordea, iparraldeko haizeak hosto berdeak ekarri zituen.  Parisetik zetorren korronte freskoa, kantatzeko eta borrokatzeko grina. Belaunaldi horretako seme-alaben aztarnak edonon aurki daitezke, liburu-dendetan, telebistako dokuetan, historiari buruzko irrati saioetan. Neurri batean, gazte inkonformista haiek errekonozituak izan dira. Ordutik gaur egundaino.Lourdesek 31 urte zituen “gazte gera gazte” disko batean grabatu zuenean. Gaztetasuna gertu zuen, baina hori bakarrik… gertu. Sasoi beroena pasatua… Gazteak besteak ziren, bere abestia kantatzen zutenak, 16-18 urtekoak. Txabi Etxebarrietak, garai horietako ikonoak, 24 urte zituen, 1968an Guardia Zibilaren errepide kontrol batean hil zutenean. Eta Txabik ere, naiz eta gaztea izan, adinaren perspektibarekin jokatzen zuen. Bere jarraitzaileak bera baino gazteagoak ziren.“Gazte gera gazte, ta ez gaude konforme” abestuko lukete beste belaunaldi batekoek, nola ez! Azken hogei mendeetako belaunaldi guztiek. Baina ez zuten Lourdesek kantatzen zuen abestiaren letra ezagutzen. Ezta doinu horren notak ere. Lourdesen aurreko horietako batzuek jadanik gramofonoa ikusia zuten. Denek bazekiten, ordea, musika orkestrarekin zabaltzen zela eta ausartenek edo etxean tradiziotik edaten zutenek, udal edo auzo talde batean jotzen zuten. Musikariak, iraultzaileak, gazteak eta… ezezagunak. Ez ziren 1968an bizi, baizik eta 1936an.1936 hartatik 70 urtetara, gaztetasunaren adinak lotsatzen gaitu. Edo lotsatuko gintuzke. Nork daki! Oso gauza gutxirekin gorritzen gara. Bai, aldea dago. XXI. mendean gizakia inoiz baino gizakiago da. Aurreko garaietan, gazteek ez zuten helduen babesa behar. Edo gutxienez babes osoa. Ezta baimena ere. Joxemari Iparragirrek, Urretxuko bardoak, 14 urteekin karlistekin mendira alde egin zuen. Etxetik.Zenbat mutikok eta neskatok gaztetasuna galdu zuten 1936an, gerra madarikatu horretan! Anarkistak Donostiako defentsan uztailak 22ko egun famatu horretan, gaur egun adin txikikoak (18 urtetik beherakoak) izango liratekeen, hiru kide galdu zituzten. Bat, gainera, neska zen. Edo emakumea idatzi beharko nuke.Donostiako gizarte iraultzaile horretan eta komunisten artean Rikardo Urondo Artola ezagunetarikoa zen. Apala, umila. Berarekin batera Larrañaga eta Astigarribia. Lehenengoa komisario politikoa izan zen, bigarrena, ordea, Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburua. Biak, Urondo bezala, heterodoxoak. Biak, Urondo bezala, Alderdi Komunistatik kanporatuak, euskalduntasunari klase borrokari baino garrantzi gehiago emateagatik.          Rikardo Urondo musikaria zen. Donostiako Musika-Bandako kidea. Baita borrokalaria ere, Euzkadi Roja aldizkariaren zuzendaria izango zen. Urondo, hain zuzen ere, falangistak prestatzen ari ziren atentatu baten jopuntua zen. Atentatu hori kolpe militarra hasi zelako ezerezean geratu zen. Zorionez.          Rikardok, bost seme-alaba zituen, mutil bat eta lau neska: Pakito, Tere, Mari Carmen, Esther eta Maria Luisa. Pakitok, zaharrenak, aita miresten zuen. 1936an gaztea zen, 15 urtekoa, baina, jadanik, lagundu egiten zuen alderdian, periodikoak banatzen, mezuak bidaltzen… Urondotarren etxeko giroak ez zuen bat egiten Donostiako hiriak azalarazten zuenarekin. Etxean elkartasuna, konpromisoa. Kalean, turismoari begira bizkar gehienak makurtzen ziren.          Irailaren 13an, matxinatuak Donostian sartu ziren. Biztanle gehienek Bizkaiko bidea hartu zuten, Urondok barne. Badaezpada ere. Albisteak beldurgarriak ziren: haizeak Nafarroatik eramaten zituen herri guztietan sarraskiak, militante progresista eta ezkertiar gehienekin akabatzen zuela. Bide horretatik 3000 kide baino gehiago hil zuten matxinatuek Erreinu Zaharraren bazter eta txokoetan.          Dominika, amona, Rikardoren ama, etxean gelditu zen. “Zer egingo didate? Adinakoa naiz, 64 urte ditut. Ez zait ezer gertatuko”, esan omen zuen. Gutxi ezagutzen zituen matxinatuak. Gutxiegi. Falangistek etxeak miatzen zituzten. “Non daude Urondotarrak?”, galdetzen zuten. “Alde egin dute”, erantzuna. “Baina norbait geldituko da!”. “Inor ez”, erantzuna, berriz. Azkenenean amonarekin konformatu ziren. Ondarretako kartzelara eraman zuten. Matxinatuak Donostian sartu zirenetik hilabete eskas pasatua zegoenean. Eta Gobernu Zibilean, gau ilun batean, batek atxilotuen zerrenda irakurtzerakoan erabakia hartu zuen. Hurrengo goizaldean, urriaren 18an, amona fusilatuko zuten Hernaniko kanposantuko ormaren aurrean.          Albistea iritsi zitzaienean, Pakitok, Terek, Mari Carmenek, Estherrek eta Maria Luisak negar egin zuten. Gerrak jarraitzen zuen.          Bilbon, Euskal Armada sortzen ari zen. Lehenengo antolaketak, instrukzioak, armen banaketa… gizartea hankaz gora, faxismoaren aurka. Pakito sutsua zen. “Ezin duzu Errepublikaren aldeko armadan parte hartu 18 urte ez dituzulako oraindik bete”, erantzun zioten bulego batean. Kaka!          Bere aita Erri eta Euskadi Roja aldizkari eta egunkari komunistetan lan egiten zuen. Paperak, tinta, inprenta… dena gertu. Eta Pakitok, aspalditik zeukan ideia, azkenean aurrera atera zuen. Adina faltsifikatu eta paperekin babestu. Paperen indarra izugarria da. Bulegora joan eta bost minututan mobilizatua.          Pakitok aitaren lagunen batailoia aukeratu zuen. Larrañaga izenekoa, Donostiako komunistena. Askok, Pakitoren benetako adina jakin bazekiten, baina baita aitaren baimena ere. Eta gerrako frontera joan zen. Eta gerra ez da txantxa, ezta jolasa ere. Faxistek Pakito, Albertiako frontean hil zuten, 16 urte besterik ez zituenean. Bere irribarrea galdu zen, bere itxaropen guztiak, berak asmatutako etorkizunak. Eta albistea iritsi zitzaienean, Terek, Mari Carmenek, Estherrek eta Maria Luisak, arrebek, negar egin zuten. Gerrak jarraitzen zuen.          Rikardo aita erotu zen, ama fusilatua, semea gerran hila. Erabakia gogorra izateaz gain, logikoa zen: alabak gerratik aldendu. Eta horrela, laurak, Tere, Mari Carmen, Esther eta Maria Luisa Habana izeneko itsasontzian, beste ehunka haurrekin Sobiet Batasunera bidali zituen. Familia desegingo zen, banatuko zen, segur aski ez zituen alabak gehiago ikusiko, baina, gutxienez, bizia ez zuten galduko.          Ai Pakito! Ze oroimen latzak! Gerra amaitu eta aitak Mexikon bukatu zuen, ahaztua, alderditik kanporatua, miseria gorrian. Eta zure arrebek Sobiet Batasuneko Hitlerren inbasioarekin, herri arrotz batean galduak. Ai, Pakito, zein bidegabea den historia!          Zure hilketaren ondoren, Pakito, aitaren lagun min batek poesia bat idatzi zizun. Gogoratzen duzu zein den: Tatxo Amilibia. Bai, hori da, bere birraitona Donostiako alkatea izan zen, Eustasio Amilibia, gaur egun Gipuzkoako hiriburuaren kale bati izena ematen diona. Zuk, ordea, ez duzu ezer, ezta plaka txiki bat ere. Horrela da. Ez dakit esango dizudanak beteko zaituen baina, jakin ezazu Pakito, gurekin zaudela. Eta aurtengo urrian, Tatxoren arreba (bizirik dago, 90 urte betetzeko hilabete gutxi falta zaizkionean), Txiletik hurbilduko denean ezagutzen ez duen bere anaiaren poesia emango diot. Zurea. Eta zutaz hitz egingo dugu eta, bide-batez, gure miresmena azalduko dizugu. Hau da, bukatzeko Pakito, Asun Amilibiari emango diodan poesia; beste bat arte: Haurra zen oraindikBaina beldurrik ez zuen Aita! Nik frontera joan nahi duteta lenengoa bezala borrokatu,etsaiari eutsi,haren parapetoa erasotuAita! Komunista baitzara!Aita! Aitzindari naiz eta! Aitak uko egiten ez daki,ama beldurrak dardarkaEta biak, bere bihotzeanerrotuta daukan ideiaausart defendatzen duenseme horretaz harro. Mendian gora mendian goraeta goizeko lehen argiarekinbarrez eta txantxetanbere parapetora doa.Gipuzkoako lurraldeanherriko batailoia gora doa.Mutilek, oraingoankide berria daramate.Zein harro doan haien artean!Zein alai, aurpegi lasaia!Arreta maitekorrazdarama fusila bular gainean.Gizagaixoa, agerian jartzeraausartzen dena!Urte gutti izanagatiktiroa bota eta bete-betean joko zuen.Horrela dabil etsaia zelatatzengure aitzindari kementsua.Mendi berdeakzeruko urdinari irribarrez. Lainoak hartutakootsaila hilabete hotzaren goizean,egunsentiaren lehen argiaapenas igartu ahal denean,bere parapetoan gorderik dagogutarren grinariedo hauen eraso ausart eta bortitzaribeldurra dion etsaia.Uhinen bidez jaurti dituberun eta altzairuzko txistuak.Mutikoa erne, zelatan,pultsu lasaia, dardarik gabea.Hesiak bere esku utziko dueneginkizun handia ezagutzen du,atzean bere kideak atseden hartzensegur daudela badaki,eta borroka honetatikbeti amestuko duenmundu berria berpiztuko dela ziur dago,aitzindari ametsetan. Baina, ai! Bala zitalaklur-zakua saihestu du.Mutikoa, fusila eskuetan,zerraldo erori da lurreralokatz gorrituaren gainean.Aurpegi zurbila nabari zaio.Ukabil saminduak goraagurtzen dute bere kideekBat gutxiago borrokan!Bat gehiago eredutzat!Aita! Komunista zara!Ama! Aitzindaria zen!Munstro faxistakherria zapaldu nahi duenean.borrokatzea ez da betebeharraborrokatzea eskubidea da!

Post anterior

Siguiente Post