Fernando Asuerori graziyak

Gaixotasunak ez dira existitzen baizik eta gaixoak. Esaldi borobila eta, agian, kontutan hartzekoa. Naturistek eta barazkijaleek zabalduko balukete, ez ginateke harrituko. Ni, neu, askotan pentsatzen dut gaixotasunak, etxeak izango balira bezala, munduko jabeek eraikitzen dituztela eta ez, uste dugun bezala, gure gorputzean. Gaixotasunak komunikabideetatik sortzen dituzte aditu horiek helburu zehatz bat osatu ezkero: beldurra. Zer egingo genuke beldurrik gabe? Ez ginateke heroiak izango baina, ziur naiz, lasaiago biziko ginela. 

Naiz eta gaixotasunari buruz aipatutako esaldia unibertsala izan, biografiak idazten dituztenek aurreratzen digute Fernando Asuero mediku batena dela. Bere biografia ezagutu eta gero esaldia norbaiti lapurtu ziola ausartuko nintzateke esatera. Gehiegi? Zirkoetako aurkezleen antzera: “sartu eta ikusi”. 

Fernando Asuero Saenz de Cenzano, Donostiako Miramar kaleko 3. atariko bigarren pisuan jaio zen, 1887ko maiatzaren 29an. Txiripaz donostiarra izan zen. Bere aita, Madrilen jaioa, fiskala zen eta hiri askoetako epaitegietan ibilitakoa, tartean Donostiakoan eta Iruñekoan. Fernando, sei anai-arrebaren familiako bosgarrena zen. Bi anai Espainiako Armadan ibiliak ziren eta arreba bat, Concepcion, Gipuzkoako mikeleteen buruarekin ezkondua zegoen, Felix Txurrukarekin. Umezurtz oso goiz geratu ostean, Fernando Errioxako Haron bizi zen eta ikasketak Tuterako jesuiten etxean egin zituen. Medikuntza, Madrilen bukatu zuen goi mailako kirola egiten ari zen bitartean: Erreinuaren hiriburuko Atleticoren futbol jokalaria izan zen. 

Ikasketak bukatu ondoren Donostiara itzuli zen eta oporren garaian bere emaztea izango zuena ezagutu zuen: Mariatxo Ruiz de Arcaute. Bizitza Askatasunaren Hiribidetik gertu antolatu zuten. Bikoteak Loiola kaleko lehenengo atariko etxe bat hartu zuen. Seme bakarra eduki zuten (Vicente) eta aita bezala baita politikan ere gustura higitu zen. Fernando Asuero, Espainiako Primo de Rivera jeneralaren diktaduran Donostiako zinegotzia izan zen. Bitxia da bizitza. Bere seme bakarrak kargu bera izango zuen beste diktadura batean, Francoren urte ilunetan, hiri berdinean, Donostian. Fernando 1925an eta Vicente hogeita hamar urte beranduago. 

Koadrila handikoa omen zen eta lagunen lagun. Fernando, zezen plazara joan zen behin eta Piston izeneko zezen bati buruz apustu egin ondoren betirako goitizena ipini zioten lagunek. Zezenarena, hain zuzen ere. Piston. Heriotzak harrapatuko zuenean, Donostiako egunkariek oraindik Piston deitzen zuten Ausero. 

Denbora gutxi barru Asueroren ospea handitzen joan zen, akaso zinegotzia izateagatik. Baina arrakasta ez zitzaion politika munduan iritsi, baizik eta medikuntzan. Hala kantatzen zion Lexo bertsolariak:“Ogeigarren sigluanogeita beretziyangure ziudadiadago gorantziyanSendagile onenazeinda probintziyandon Fernando Asueronere iritziyan”. 

Bezeroak sendatzen zituen. Eta nola, gainera! Oso metodo berezia erabiliz, trigemino nerbioa astinduz (sudurrean dagoen nerbioa da). Dena sendatzen zuen. Lourdeseko ama birjina izango balitz bezala. Lexok zion:“Begiko zañetatikortz eta agiñaksugur eta belarrieztarriko minakurak ezin garbitudituen zikiñaknaigabe sortzen diraorlako sumiñak.Paralisek etaReumak baldatuakAsko ikusten diraOrrek moldatuak.Elbarriyak ziranakGaitzak ondatuakEsperantza galdutaGero sendatuak”. 

Juan Jose Sarasola, Lexo, ez zen bakarra izan. Urte berean, 1929an, Bilboko Euskerea aldizkarian Mutijondo goitizenarekin sinatzen zuen batek idazten zuen: “Asuero´k asmaturiko sendakeria barrija dala-ta, eztabaida gorrija sortu da”. Bere jarraitzaile bat omen zegoen Bilbon, Bidaurratzaga. “Euren jakintza aundija, atzerrijan edo iruntsi eben jakintzea, bestiak ostuko ete-dautsien bildurraren edo, gerkerazko itz ulerkatxakaz osten duten bai-dakije baña… Gure txaluak eta zorion-ospeak Asuero´tar Perdiñanda donostiar zintzuari baita euri, be, Gotzon, gure adizkide on orri”. 

Baina ez ziren denak ados jarri. Sendatuek baietz, mediku ona zela, baina beste gainontzekoek ezetz, tartean Pio Baroja idazlea: “Asuero petrikilo besterik ez da”. Santiago Ramon y Cajalek, mediku nafarra eta 1906an Medikuntzaren Nobel sariaren garailea, esaten zuen: “Asuero Erdi Aroko medikua da, lotsagarria da egiten duena!”. “Berritsua besterik ez da” gehitu zuen Ortega y Gasset filosofoa. Primo de Riveran diktadura erori eta, badaezpada ere, Asuerok hanka egin zuen, Espainiako Bigarren Errepublika sortu baino hilabete batzuk lehenago. 

Eta hara non, eta Buenos Airesen azaldu zen. Berehala salatu zuten Asuero bertako medikuek. 1930ko ekainaren 10ean Argentinako Justizia sailak jasotzen du lehenengo salaketa. Bata bestearen atzetik. Gaixoek esaten dute mediku donostiarrak aldez aurretik kobratzen diela eta gaixotasuna okerrera jotzen duenean desagertzen dela. Iruzurra. Eta Donostian gertatu zen bezala, Asueroren aztarnak galtzen dira. Cubako Habanan azaldu arte. 

Miguel Matamorosek abesti bat idatzi zion, lelo horrekin: “Utzi makulua eta makila eta sona dantzatuko duzu”. Buenos Airesen gertatu zena Habanan errepikatu zen. Gaixo asko, paralitikoak, gorrak, herrenak… Asuerori hurbiltzen zitzaizkion. Baina lehenago ordaindu behar zioten. Orain Kubako Zientzi Akademiak salatzen du petrikilo barojiarra. Eta alde egin zuen berriz, ohituraz eta, ez dakit, agian ihesari gustu pittin bat hartuz. 

Francoren Donostia hiri berrian azaldu zen Asuero. Eta bertako egunkariek gogoratzen dute, maitasunez, mediku iheslaria. Ez da jakintsu izan behar Asuero eta erregimen frankistakoak enbor berekoak izaten zirela. Eta hainbeste gorabeherak sufritu ostean bukaeraren asmakizuna erreza izango zen. Bihotzekoa eman zion eta 1942ko abenduaren egun hotz batean hil zen. Donostiak “seme kutuna” izendatu zuen. Eta Lexoren bertsuak ahaztu genituen:“Ezaguturik noladan gizon abillaurte askuan orlakonserba dadilla”. 

Eta bukatu baino lehenago esan beharko nuke, artikulu honen izenburua ez dela nirea, baizik eta Lexorena. Bakoitzari berea. 

Post anterior

Siguiente Post